Informazio turistikoa

Arratoko mendizerra

Antzina eskualdeko leinuek euren arteko aurkaketa belikoak ingurune honetan izaten omen zituzten. Independentzia gerran eta gerra karlistetan gerrako operazioen zentroa eta gerrataldeen egonleku ere izaten omen zen inguru hau.

Bere garaiera eta kokaleku estrategikoagatik, ez dezagun ahantz bertatik Arabako Lautada osoa, Zuiako harana eta Gorbeiako mendigunea ikusten direna, orduko borrokaldietarako ere toki erabat estrategikoa eta, beraz, mendean hartu beharrekoa genuen mendizerra hau.

Udalerriaren hegoaldean dago berau, izaera mediterraniar argia darion artadi eder batek inguratuta. Apodakako herritik artadi osoa zeharkatzen duen ibilbide polit bat dugu. Amarituko mendia zeharkatu ondoren (787), mendizerrako tontorrik garaienera, Armikelo tontorrera (888 m.), iristen da.

Gorbeiako Parke Naturala

Gorbeiara Muruatik dagoen igoera, ezbairik gabe, Arabako mendigoizaleen artean tradiziorik gehien duena izateaz gainera, Lurralde horretako ibilbide zoragarrienetako bat ere bada. Tontorrera joateko ondo seinalizatutako bi aldai (mendi-bide) ditugu: Lehenengoak, Pagazurira doanak, harizti eder bat eta txilardi eremu zabalak zeharkatuz, Pagazurira eta Arrorianora garamatza. Gero pagadi handi baten itzalpean ibili ondoren, Gorbeiako tontorrera iristen da.

Bigarren bidea, Zubialde ibaian gora doana dugu. Ibilbide honetan aurkituko ditugu Muruako antzinako harrobietako atseden-lekua eta aparkalekua, Gorbeiako urtegietatik hurbil. Toki honetatik zuzenean igo daiteke Gorbeiako tontorrera Arrorianotik joanda, edota Mairuelegorretako Hartzuloetara desbidera gaitezke.

Hartzulo hauek 12 km. gorako luzera dute eta barruan duen ur fosilduaren iradokizun zaharrak dira..., haitzuloen labirinto eder batean gordeak..., tradizio, legenda, historia eta abarren gordeleku.

Oketa mendia

Begiratoki zoragarria 1.301 m.ko garaiera duen hau. Bertatik Zigoitiako harana, Arabako Lautada eta Legutioko urtegien eremua ikusten dira, urrutian Urkiolako parkea dagoelarik.

Bertara Muruatik oso hurbil dagoen Etxagueneko herritik igo daiteke. 3 km. pasautxoko igoera egin ondoren txilar, otaxka eta ametz uhartetxoen artean, historia zahar asko gordetzen dituen mendi honetara iristen gara. Diote bertakoek gerrate karlistetatik txanponez beteriko kaixa bat dagoela gordea, orain arte inork aurkitu ezin izan duena.

Aisialdirako zerbitzuak

Gopegin dagoen beste parke eta atseden lekuetako bat dugu berau. Jolas-eremu honek hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: igerilekuak, frontoia, futbol zelaia, mahaiak eta barbakoak ditu, zibi-zabuen eremua, taberna-jatetxeak eta abar. Beraz, lasaitasunaz eta astialdiaz gozatzeko espazioa dugu hariztiz eta lorategiz inguratuta dagoen toki eder hau.

Gopegin, Jasokundearen Andra Mariaren parrokian, oraindik ezaugarri erromanikoak aurki ditzakegu eraikinaren kanpoaldean (habeburuetan eta atarian). Ostera, bere barrualdean aipagarrienak gurutzadura eta altarburua (XVI. mendekoa) eta gangetako pintura aztarnak dira. Eribe, Zaitegi eta Buruagako elizek ere ezaugarri erromanikoak dituzte.

Gopegiko herrian bertan eta Larrinoan bi zentro hipikoren zerbitzuez balia gaitezke, zaldi gainean paseoak eginez, zaldi gainean ibiltzen ikasiz eta abar. Ingurune honetan, Ondategi eta Gopegiko herrien artean, Sarragoa izeneko landetan alegia, zaldien feria ospatzen da urtero (ekainaren azken igandean) eta bertan kirol erakustaldiak izaten dira, bertako produktuak salgai jartzen dira eta erakusketak eta abar ere izaten dira. Sarragoako udalerrian 20 m.tik gorako garaieradun haritz eder bat dago eta "Zuhaitz Berezia" izateagatk dagokion babesa jasotzen du.

KONPROMISOTIK

Agenda

Albisteak

Fundacion Vital