Deskribapena

Zigoitiak 102 km2 ditu eta, azalerari dagokionez, Kuadrillako bigarren udalerria dugu, berau delarik azken 10 urteotan demografia hazkunde handiena izan duena.

Zigoitiaren azaleraren zati handi bat Gobeiako mendiguneari dagokio. Aipatzekoak dira Arrorianoko (1.343 m.) eta Pagazuriko (1.181 m.) tontorrak, Zuiako udalerriarekiko mugetan direnak, eta baita Oketa ere (1.031 m.), Zubialde ibiaiaren trokak Gorbeiatik bereizita duena. Ibai honen buruan Eskualdeko eta Euskalerriko lekurik ikusgarrienetako bat dugu: Maiurelegorretako hartzuloak. Hartzulo hauek karezko azpigeruzen higaketaren ondorio dira. Azpigeruzen higaketak ereliebezko forma bitxiak sortarazi ditu (lapiazak, hartzuloak, trokak...), batik bat, Gorbeiako mendioinetik Arratoko mendizerrarainoko inguru horretan.

Armikeloko tontorra (888 m.) nagusitzen den paraje honetan, artadi eder eta handi bat hazten joan da apurka-apurka, eskualdeko hegoaldeko eguraldiak izan duen transizio mediterraniarra agerian utziz. Honez gainera, Arabako Lautadan ipurudi eta amezti handiak hazteak ere argi frogatzen eta erakusten du fenomeno honen egiazkotasuna. Ostera, Iparraldean, pagadi handi eta zabalak dira oraindik Oketa, Arroriano eta Pagazuri izeneko inguruetan. Inguru horretako baso- eta abere-ustiapenen gora egitea ere nabarmena da, Oketako eguzki-begian txilardien eta koniferoen eremuak ere haziz joan dira-eta; eta Legutioko urtegitik Ondategiraino doazen larre eder eta handiak ere horretarako erabili izan dira, Undebe eta Zubialde ibaien arroetako bailara-guneak aprobetxatuz. (Zubialde ibaiak, Lautadarako zabalgunean, Zaia ibaiaren izena hartzen du).

Zuiako udalerrian gertatzen zen bezala, abeltzaintzak, antzina inguru honetan jardunbide garrantzitsuena zenak, beherakada handia jasan du azken urteotan. Lehenengo, baserrialdeetan izandako exodoak eta, geroztik, astialdi, jolas, etxebizitza eta lur industrialaren aldetiko eskaera berriek sortarazitako hazkunde demografiko eta ekonomikoek aldatu egin dute udalerri hau, zerbitzu-sektorea udalerriko gaur egungo jarduera ekonomiko garrantzitsuena izatea lortuz.

Sektore industriala Etxabarri-Ibiña industrialdean dago kokatua (Gasteiz-Bilbao N-622 autobiaren ondoan).

Zerbitzuek nahikoa protagonismo hartu dute udalerriaren ekonomian. Berriz ere, turismoaren bultzadak eta hiri lurzoruen eta egoitzaldeen hazkundeak (Apodoka, Etxabarri-Ibiña, Murua...) errazago egin dute biztanleriaren hazkunde garrantzitsua lortzea eta ostalaritza, astialdiko eta antzeko jarduera ekonomiko berriak sortzea, udalerriaren biztanleriaren izaeran ere aldaketak sortaraziz.

Beste udalerri batzuek ez bezala, Zigoitiak ez du eskualdeburu konzentratu eta zerbitzudunik eta horregatik zerbitzuak sakabanaturik daude udalerria osatzen duten herrietan barrena: jatetxeak.(Apodaka, Gopegi, Etxaguen-San Pedro); nekazalturismoak eta landetxeak (Akosta, Murua, Zaitegi), zentro hipikoak (Etxabarri-Ibiña, Eribe, Larrinoa). Udalerri honek dituen kokagune eta komunikabide onei esker, errazagoa izan zen 2001. urtean Etxabarri-Ibiñan merkataritza eta astialdietarako makrozentro bat (zinemak, dendak, supermerkatua...) eraikitzeko erabakia hartzea (Gorbeia merkatal zentrua). Honek guztiak berretsi egiten duelarik udalerri honek zerbitzu sektorearekin loturiko jarduera berriak garatzeko azken bolada honetan erakutsi duen borondatea.

KONPROMISOTIK

Agenda

Albisteak

Fundacion Vital