Ibaiak

Gibijoko mendilerroan, Gorbeian, Arangio/Urkiola mendilerroan eta Legutio/Elgeako mendilerroko mendietan dute iturburua eskualdeko sare hidrografikoa osatzen duten ibai gehienek.
Mendebaldetik ekialdera, mendi horiek, Urkila eta Altzaniako mendilerroekin batera, probintziako Kantauri eta mediterraniar isurialdeak bereizten dituen banalerroa osatzen dute.

Kantauriko Arroa

Lurralde honen azalera guztiaren %20 gutxi gorabehera Kantauriko Arrokoa da. Isurialde honetako ibaiak laburrak dira, bai eta malda eta emari handikoak ere.

Bi arro bereiz ditzakegu: Altube ibaiarena (Nerbioi ibaiaren adarra), Urkabustaiz eta Zuia udalerrien artean; eta Aramaiona ibaiarena (Debaren adarra), izen bereko udalerrian. Nerbioi ibaiak, lurralde honetan sortzen ez den arren, Urkabustaizko mendietan sortu eta 250 metroko jauzi ikusgarritik behera datozen errekasto asko hartzen ditu.

Kantauriko isurialdeko ibaiek eragindako higadurak (Mediterraneoko isurialdekoek baino handiagoa) oso inguru ederrak sortu ditu, besteak beste, Goiuri-Ondona eta Nerbioiko ur-jauziak Urkabustaizen, eta Aramaioko bailarako mendi-gailurrak.

Mediterraniar Arrora isuria

Eskualdeko gainerako lurraldeko urak Mediterraniar Arrora isurtzen dira. Mediterraniar isurialdeko ibaiak emari txikiagokoak dira eta ez dute malda handiegirik, lasaiak dira, beraz.

4 arro nagusi bereiz ditzakegu: Baias ibaiarena, urak Ebrora isurtzen ditu zuzenean, eta Zuiako eta Urkabustaizko bailararen zati bat hartzen du; Zubialde ibaiarena, Zigoitia udalerriaren zati handi bat hartzen du; Undebe ibaiarena, Zigoitia eta Legutio artean; eta Urkiola eta Oleta ibaienak, Aramaio udalerrian.

Urtegiak

Azken hiru ibai horiek Zadorra ibaira isurtzen dituzte urak (Arabako ibairik luzeena eta, aldi berean, arro handiena duena); batzuek zuzenean, Zubialdek, esaterako; beste batzuek, berriz, zeharka, Undebe, Urkiola eta Oletak, esaterako (Legutioko urtegian isurtzen dituzte-eta).

Aramaio eta Legutio udalerrien artean Albinako urtegi txikia dago; honek arro txiki bat irekitzen du Legutioko urtegirantz.
Arratzua-Ubarrundia udalerrian Ullibarri-Ganboa urtegia dago, Zadorra ibaiaren urak biltzen dituena.

Urtegi honetara Elgea mendilerroan behera datozen errekastoek isurtzen dituzte urak, bai eta, nola ez, Zadorrak berak ere. Udalerri hau, beraz, Zadorrak mugatzen duen arro handiaren barruan dago.

Arkitektura

Ibai horiek lehen mailako baliabide izan dira bertoko biztanleentzat, ez bakarrik edateko ur gisa, ezpada indar eragile legez ere; izan ere, hainbat urun-errota, zentral elektriko, burdinola, garbitegi... jarri dituzte martxan urteetan zehar. Gauzak horrela, urarekin zerikusia duen arkitektura zabal eta interesgarria sortu da.

Gaur egun, ubide horiek beste erabilera bati egin behar diote aurre, aisialdiari. Horrela, bada, urtegietan ur-zentroak, aisialdi-guneak, arrantzatokiak, bainatzeko guneak, etab. egin dira. Probintziako arrantza-barruti garrantzitsuenetako bat Baias ibaian dago, Zuia eta Urkabustaiz arteko tartean.

KONPROMISOTIK

Agenda

Albisteak

Fundacion Vital