• Hemen zaude:

  • Inicio

  • Gorbeiako Parke Naturala

Gorbeiako Parke Naturala

Gorbeiako mazizoa Euskal Autonomia Erkidegoko Parke Natural handiena da, 20.016 hektareako azalerarekin. Azaleraren %62 Arabako aldean dago (Gorbeialdeko Koadrilako lurraldea).

Horrela, bada, Araba eta Bizkaiaren arteko mugan kokatua, Gorbeia, dotore-dotorea, Kantauri eta Meditarraneoko isurialdeak bereizten dituen banalerroaren zati da.

Mendiko klima

Altueraren (1.482 m) eraginez mendiko klima da nagusi, neguan sarritan izaten dira elurteak eta prezipitazio ugariko lurraldea da (>1.400 mm urtean).

Mazizoa bera oztopo da haize hezeentzat eta, ondorioz, Hegoaldeko isurialdean prezipitazio gutxiago izaten da. Iparraldeko isurialde malkartsua ez bezala, higatuagoa, hegoaldeko isurialdeak muino itxura dauka.

Pagadi, harizti eta elordi zabalek estaltzen dituzte Gorbeiako magal eta bailarak. Altubeko bailaran barrena sartzen diren haize hezeei esker, ohizko altueratik behera hazi dira pagoak, eta horrek, nola ez, aparteko egiten du ingurua. Txilar, ote eta garoen kolore biziek ukitu alaia ematen diote eraldatutako basoari; ibaiertzetan, ordea, korronte bizien indarra moteltzen duten haltzak eta sahatsak aurkituko ditugu. Garai beroagoen lekuko, Bortal bailarako arte eta gurbitzak ditugu.

Ibaien iturburua

Gorbeian dute iturburua, halaber, Arabako ibai nagusienetako batzuk:Baias, Zuiako bailaran barrena; Zubialde, Zigoitiako bailaran; eta Undebe, Zigoitia eta Legutio artean.

Ibaiotan interes handiko espezieak aurkituko ditugu, hala nola, ur-zozoa, martin arrantzalea, muturluze piriniarra eta igaraba. Anfibio asko ere aurkituko ditugu bertan; esaterako: baso-igel iberiarra eta uhandrea. Inguru honetan dagoen aniztasuna eta aberastasuna kontuan hartuta, anfibioei dagokienez Euskal Herriko lekurik aberatsena dela esan beharra dugu. Altubeko hezegunea balio ekologiko handikoa da; urmael, zohikatzeko txilarrak eta zohikaitz berriak daude. Altubeko hezegunean anfibio askok aurkitu dute bizilekua eta jatorrizko baso zabalak ere badaude.

Mendizaleen pausaleku

Dena dela, Gorbeia elementu natural eta paisaia ederra baino are gehiago da. Gorbeia, Anboto eta Aizkorri bezalako mendiekin batera, Euskal Herriko mendi mitiko eta enblematikoetako bat dugu.

Izan ere, Gorbeia ezagutzeko, bertoko legendak, artea, gastronomia, nekazaritza-ingurua, ohiturak... ezagutu behar ditugu. Parkean bizi den jendea ezagutu behar dugu, baldin eta zergatik dagoen hain ondo zainduta ulertu nahi badugu.

Gizakia-natura harremana orekatua izan da eta oraindik ere hala da; izan ere, ingurune honetako baliabide naturalak mendeetan eta mendeetan ustiatu ondoren, oraindik ere ingurunea ondo zainduta dago eta, era berean, inguruarekin lotutako ondare kultural paregabeari eta sakon sustraitutako tradizioei ere eutsi egiten zaie.

Mendizaletasuna eta espeleologia dira jende gehien biltzen duten kirol eta aisialdiko jarduerak. Zuiako udalerrrian dago parkearen Arabako isurialdeko informazio eta harrera zentroa (parketxea). Era berean, Muruan (Zigoitia) Las Canteraseko aisialdi-gunea dago, Gorbeiaren gailurrerantzako abiapuntu nagusienetako bat. Beste ibilbide batzuk ere badaude, besteak beste, Zarate, Sarria/Markina, Altube (Zuia udalerrian) eta Baranbiotik (Altubeko bailara) gertu dagoen Garrastatxun dutenak abiapuntua.

Gorbeiaren gailurrean 18 metro luzeko burdinazko gurutzea dago, gailurrean eraikitako hirugarrena; Arabako herri abesti ezagunenetako bat gurutzearen omenez egindakoa da. Halaber, orientazio-mahai bat ere badago 1.475 metroko altueran. 80 cm-ko diametroa eta laba esmaltatuzko xafla daukan mahai honetan 106 mendiren izenak ikusiko ditugu; hain zuzen ere, tontorretik, egun argietan, lau norabideetan ikusten diren mendienak.

Interes geologikoko guneak

Horrezaz gainera, Gorbeiako Arabako isurialdean interes geologiko handiko eremuak daude, besteak beste: Mairuelegorretako kobazuloak, Zigoitia udalerrian (Mairulegorretako galerietako batzuk Euskal Herriko sakonenetakoak dira, 12.340 metro luze); Goiuri-Ondonako ur-jauzia, Urkabustaiz udalerrian, 100 metrotik gorako ur-jauzi ederra (Altubeko bailararen goiko aldea da eta, gaur egun, hauxe da parkean gehien bisitatzen den lekuetako bat).

KONPROMISOTIK

Agenda

Albisteak

Fundacion Vital